XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. praktika

g-ren neurketa.

Pendulu fisikoa

Beste edozein jakintzatan gertatu ohi denez, Fisikaren azterketan ere, arlo desberdinak bata bestearen atzetik doaz.

Kasu askotan, itxuraz bitxia izan daitekeena suerta daiteke, arlo horietan ageri diren ekuazioak berdintsuak, edo, zehatzago esateko, matematikoki berberak izatea, gertaera hori arlo desberdinetako fenomenoen arteko antzekotasunaren adierazgarria delarik.

Horrela, bataren gaineko azterketak bestearen gaineko ezagumendua luza dezake, eta, horregatik, luzapenak posibleak direnaz hasieratik bertatik ohartzea komeni da.

Holako zerbait egin nahi da hurrengo bi praktiketan.

Higidura harmoniko sinplea ez da soilik osziladore mekaniko harmoniko sinpleari dagokion higidura, beste zenbait arlotan ageri diren fenomenoekin antzekotasun handia baitu.

Antzekotasunaren funtsa, kasu desberdinetako eboluzioa deskribatzen duten eredu matematikoen berdintasunean datza.

Kasurako, hurrengo bi praktiketan bi adibide mekaniko desberdin aztertuko dira, hain zuzen ere, malgukiari finkatuta dagoen masarena eta oszilazio txikiko penduluarena, baina azterketaren benetako helburua ekuazio diferentzialean dago.

Aipaturiko ekuazio diferentziala behin eta berriro agertzen da Fisikan eta beste zientzietan.

Berez, ekuazio horren arabera azter daitezkeen fenomenoak hainbeste direnez, beraren azterketa sakona egitea merezi du.

Labur esanda, bigarren ordenako ekuazio diferentzial lineala eta koefiziente konstanteduna dugu (oszilazio txikien hurbilketan), eta ebazpen errazekoa da.

Ekuazio hori betetzen duten fenomeno edota sistemen artean, ondokoak aipa daitezke adibide gisa: zirkuitu elektrikoetan alde batetik bestera doazen kargen oszilazioak, soinu-uhinak hedarazten dituen diapasoiaren bibrazioak, serbosistemen ekuazioak (adibidez, tenperatura doitzeko termostatoarena), erreakzio kimiko batzutako eboluzioa, bakterien kolonien hazieraren eta janari-horniketaren eta bakteriek egiten duten pozoiaren arteko elkarrakzioa adierazten duen prozesua, ...